Orioko Ikastolak aurtengo ikasturtean proposamen berezi bat eskaini die haur-hezkuntzako ikasleei, Nekane gure ikastolako irakasle ohi, guraso ohi eta gaur egun bertako amona den artistaren laguntza paregabeaz zeramikarekin lan egin baitute.
Material moldakorra da eta beraz, hainbat teknika artistiko aztertzeko aukera ematen du, adin guztietarako egokia izanik. Horrela izan da gainera, HH2 zein HH3ko ikasle batzuk ostiralero igo dira mantala jantzita goiko solairura, buztina lantzen den espaziora eta HH4 eta HH5ekoekin batera aritu dira buztina lantzen.
Prozesu honek haurren sormena sustatu du, eta oratu, opilak egin, planoan, esgrafiatuan eta bolumenean aritzeko aukera eman die.
Gainera, aukera aprobetxatu da inguruko elementuak aipatzeko, hala nola elizetako gargolak eta Chillida, Pollock eta Calder bezalako artisten lanak. Birziklatzearen garrantzia nabarmendu da, sorkuntzetan maskorrak, zotzak eta kristala erabiltzen direlako.
Kanpoko labe baten laguntzari esker (Ikastolak ez baitu bat) esperientzia aberasgarri hau gauzatzea lortu da. Proposamena zirkulazio autonomoan garatu da, eta buztinarekin lan egiteko interesa duten ikasleek parte hartzeko aukera izan dute.
Proposamen honen osotasuna eta garrantzia kontuan hartuta, beste formatu batean eskaini nahi da hurrengo ikasturtera begira, ikasle guztiek zeramikaren artea ezagutu eta goza dezaten. Orioko Ikastolako komunitatean arrastoa utzi duen hezkuntza- eta sormen-esperientzia izan da.
Esker hitzak besterik ez beraz Nekanerentzat! Izugarri eskertzen dizugu gurera etortzeko hartu duzun denbora, bejondeizula!