Skip to main content
Elia irudiaItzulpen automatikoa

Usoa Sorazu, Orioko Herri Ikastolako irakasle eta lankidearekin hizketan

2024/07/05

2023-2024 ikasturtea berezia izan da Usoa Sorazurentzat. Ibilbide luzea izan du Orioko Herri Ikastolan eta aurtengoa izan da bere azken ikasturtea. Berarekin egoteko tartetxo bat hartu dugu ikasturtea amaitu ondoren eta hemen dohakizue berekin izandako elkarrizketa. Eskerrik asko egindako lan guztiagatik eta besarkada haundi bat denon partez!

1.-Noiz hasi zinen ikastolan? Nolakoa zen garai hartako ikastola?

Orioko Herri Ikastolan, 1983ko urtarrilean hasi  nintzen. Irakasletza ikasketak egin nituen Donostiako Seminarioan, eta lanik aurkitzen ez nuenez, Euskal Filologia ikasten hasi nintzen lehengoko EUTGn, Donostian. Gabonetan deitu ninduten Ikastolatik Sagrarioren ordezkapena egiteko, HHn. Gaur arte. 

Ni iritsi nintzenean, Ikastola ibaitik gertuen dagoen eraikin zatian zegoen eta orduantxe sartu zen Zaraguetak zuen beste eraikin erdian, udaletxearen eta Hezkuntza Sailaren baimenarekin. Ikasle berrien matrikulazioa gora eta gora zihoan, eta plastika eta psikomotrizitate eskolak ematera Kosta tailerretara eta Ikastola txikira joaten ginen. Pedagogia modernoa aurkitu nuen Ikastolan: irakaslea ez zen protagonista bakarra, haurra zegoen hezkuntza prozesuaren erdigunean. Ikasmaterialaren inguruan, Natur Zientziak lantzeko "Saioka" liburua zegoen, Ikastolen Federazioak sortua; Gizarte Zientziak lantzeko, Arantxa eta ni neu KuxKux 6 liburua osatzen aritu ginen Elkar argitaletxeak eskatuta. Zarauztik ere lortzen zen ikasmateriala idazten eta irakurtzen ikasteko. Ipuin asko kontatu, eta antzerki asko egiten zen. Ingeleseko eskoletan, berriz, lehen egunetik ikasleak ingelesez mintzatzen ziren. Kirol arloan ere, gurasoak lan handia egiten ari ziren; hasieran mutilak bakarrik aritzen ziren, gero neskak hasi ziren, batik bat saskibaloian eta eskubaloian. Gogoan dut, baita ere, nola sortu zen Bertso eskola Manuel Lasarteren gidaritzapean. Elkarlana eta auzolana ziren ikastolako sostenguak.

2.-Partekatuko al zenituzke ikastola honetan, lanean izan dituzun esperientzia gogoangarrietako batzuk?

Esperientzia gogoangarri asko eta asko bizi izan ditut 40 urtetan. Gela barruan, ikasleekin elkarreraginean izandakoak ez zaizkit ahaztuko, horrek asebetetzen bainau gehien, gelako jardunak. Ikasle askoren ateraldiak, pasadizoak eta neronek egindako hankasartzeak, denak ditut oroimenaren poltsan gordeta. Urte hauetan guztietan hildako ikasleak ere poltsan daude.    

Gelatik kanpo, gogoangarria izan da ikastolako kolektiboak egindako lana espazio gabezia dela-eta: barrakoietan igarotako urteak; hondartzan, Zaragueta eskolako goiko solairuan egondako denboraldia; eta 2004ko eta 2014ko Kilometroak. 2010ean, eraikin berriak txapela jarri zien aurrez egindako atzera aurre guztiei. 

Halaber, gogoangarria izan da ikastolako ateak beti zabalik egotea hainbat eta hainbat talderentzat 16:30etik aurrera: AEK-ko eskolak, baita arabiera, txalaparta, dultzaina, alboka eta dantza eskolak ere, antzerki emanaldiak, Bertso eskola nahiz bertso saioak, Txurrumuski, meza, udan kanpotik etorritako taldeak, etorkinentzako eskolak...  

Izugarri pozten nau, baita ere, ikasle ohiak herrigintzan ikusten ditudanean arazoei aurre egiten, eta herri hobe baten alde lanean.  


3.-Lan handia egin duzu herrigintzan eta euskaran… Nola ikusten duzu gaur egun Ikastolako egoera? 
Zerk bete zaitu gehien?


80ko hamarkadan, giro politikoa pil-pilean zegoen Euskal Herrian. Franko hilik zegoen ordurako, baina errepresioa handia zen. Ikasketa guztiak gaztelaniaz egin nituen, derrigorrean; Getarian Zamorako irakasleak izan nituen, eta monjatan eta frailetan ere dena gaztelaniaz ikasten zen. Seminarioan hasi nintzen lehenengoz euskaraz irakurtzen eta idazten, 18 urterekin. Testuinguru hartan piztu zen nigan egoera aldatzeko grina; eta Ikastolan hasi nintzenean, kontzientzia handia hartzen joan nintzen, gure hizkuntza eta kultura zeharo baztertuta baitzeuden.  


Egun, Ikastola komunitatea bizirik ikusten dut, aurrera egiteko gogoz, eta uneoro eraldaketak egiteko prest. Gainera, Ikastolak jakin izan du egoera berrietara egokitzen. Bestalde, sortu zeneko "Herritik eta Herriarentzat" espirituak zutik darrai. Halere, euskaldun komunitatea oro har bidegurutze batean dagoela esango nuke. Badirudi euskararen ezagutza zabaldu egin dela, baina erabileran atzerapausoak ematen ari garela, baita Orion ere, Ikastolan ere antzematen da. Bidegurutzean atzera joateko arrisku handiak ikusten ditut, eta hori ez gertatzeko, indar sozial handia egon behar du, baita botere publikoen inplikazioa ere. Baina horiek epel eta koldar ikusten ditut, eta gizartea ere kikilduta hizkuntza hegemonikoen aurrean.  Baikortasunik eta itxaropenik gabe inora ez goazenez, adi egon, eta datozen erronkei erantzun beharra dago. Nekatzen garenean, atsedena hartu eta aurrera.


Ikastolan egindako ibilbidean, asko bete nau ikustea zer-nolako jauzia eman duten neskak kirolean. Garai batean, 14 urterekin, 8. mailan, ia neska gehienak kirola utzi egiten zuten. Egun, nesken presentzia izugarri hazi da. Ildo beretik, neskak nola ahalduntzen ari diren ikustea, oso pozgarria da.

4.-Zer aldaketa garrantzitsu nabaritu dituzu hezkuntza-sisteman eta Ikastolan zure ibilbidean zehar?


Espainiako hezkuntza sisteman, 1980tik hona uste dut 8 lege ezagutu ditudala. Hezkuntza alderdi politikoen mesedetara dagoenaren seinale. 1990. urtekoan, LOGSE legean, 14 urtetik 16 urtera luzatu zen oinarrizko irakaskuntza. 1996. urtean jarri zen martxan DBH Orioko Ikastolan. 


Euskal Autonomi Erkidegoan, berriz, 1993an, Euskal Eskola Publikoaren legea jarri zen indarrean, PSOE, EE, eta EAJren babesarekin. Legearen helburua ikastolen sarea desagerraraztea zen. Orioko elizan egin zen asanblada ez dut sekula ahaztuko. Guraso gehienek "pribatu"-an jarraitzea erabaki zuten.


Iazko apirilean onartutako legean, berriz, hutsune ugari agertzen dira: hizkuntza ereduak, Euskal Curriculuma, Lurraldetasuna, Titulartasun partekatua... Euskalgintzak galdutako aukeratzat ematen du azken lege hori.
Aipagarria da, baita ere, 80ko hamarkadako amaieran sartu zirela lehen ordegailuak ikastolan. MSDOS sistema eragile zaharrarekin LOGO programa ematen hasi ginen. 


2008an, Ikastola eta Udalaren artean izandako afera ere gogorra izan zen. Izan ere, 1980an sinatutako hitzarmena bertan behera gelditu zen aldebakarreko erabakiz. Aldarrikapen sinbolo bezala "H" hizkia erabili genuen. 2011ko hauteskude bezperatan, hitzarmena mantenduko zuela iragarri zuen Udalak.


Legeen eragina baztertu gabe, arestian aipatu dut nola Ikastola beti egon den eraldaketetara irekia; azken urteetan, esaterako, Konfiantzaren Pedagogian eta konpetentzietan oinarritutako eredu pedagogiko propioa garatzen ari gara. Hortik, Ikastolako espazioak eta arkitektura pedagogiaren mesedetan jartzearena.   

5.-Zer aholku emango zenieke irakaskuntzan hasten ari diren hezitzaile berriei?


Lehendabizi, zertarako nahi duten irakasle izan galdetuko nieke. Eta zer-nolako irakasle mota izan nahi duten. 


Gero, esango nieke disfrutatzeko ikasleekin eguneroko jardunean; jarrera positiboa eta hurbiltasuna islatzeko; ikasleei entzuteko, asko eskertzen dute-eta; etengabe prestatzen jarraitzeko; esfortzuaren kultura transmititzeko; ikaslearen testuingurua kontuan hartzeko; ez ahazteko eurek direla eredu; eta denbora hartzeko errespetuaz eta enpatiaz hitz egiteko. 


Behar besteko euskara maila izatea ere ezinbestekoa dela esango nieke, eta euskaratik ez ezik, euskal kulturatik hezi behar dutela, bestela euskalduntzea ez delako erabatekoa izango.


6.-Zeintzuk dira zure erretirorako planak eta asmoak? 


Bizitzaren beste bertsioak dastatzea da nire asmoa, erlojuaren presioa gainetik kenduz, patxadarekin adiskidetuz, orainari erreparatuz, eta ingurukoez nahiz naturaz gozatuz. 


 
 



 

 

 

 Usoa Sorazu, Orioko Herri Ikastolako irakasle eta lankidearekin hizketan