Skip to main content
Elia irudiaItzulpen automatikoa

Euskararen astea datorrenerako, motorrak martxan!

2024/11/29

Iritsiak gara azaroaren azken hondarretara eta dagoeneko egutegiari buelta emateko gogoz gaude. Badakigu, abendua hilabete berezia izaten dela, magiaz betetakoa eta ilusio bereziak sortzen dituena. 

Ikastolan, Euskararen eguna berezia izaten da. Berezia izateko ordea, aurretik beroketa lanak egiten ditugu, datorrenerako girotuta eta euskararekiko dugun maitasun sugarra piztuta izateko.

 

HHn, Euskararen egunean inauguratuko den Argitxok ikastolan izango duen txokoa apaintzen hasiak dira, txoko honek txoko dinamikoa izan nahi du, Argitxok familiei proposatutako erronkei erantzunak emanez  jolasten jarri nahi dituelako etxekoak. 

LHn ere urria erdialderako beroketa lanetan hasiak izaten dira Mihiluzeko saioak jokatuz astelehenero, goizean lehen orduan. 

Horrez gain, Euskhitzeko ordezkarien lanari esker Argitxoren mezuak ere iristen hasten dira eta Argitxok mezuetan eskatutakoak gogoz betetzen dituzte ikasleek. Aurten, Arraroa noski abestiarekin aritu dira izan ere zer izango zen mundua hizkuntzarik gabe? Nola hitz egingo genuke elkar hizkuntzarik existituko ez balitz? ze arraroa ezta? 

Munduko hizkuntza guztiak altxorrak dira eta denek dute lekua Orioko Herri Ikastolan. Hizkuntzak maitatzetik iristen gara Euskarara. Eta euskara maitatzetik iristen gara beste hizkuntzetara. Elkar zainduz, elkar maitatuz, elkar errespetatuz. Norberaren ama hizkuntza altxorra delako. Zaindu beharrekoa eta hemen, Ikastolan, orain, euskarak behar gaitu. Zer litzateke bestela euskararik gabeko Euskal Herria? arraroa noski. Hau horrela, gaur eta astelehena bitartean ikastolan ditugun hizkuntza desberdinetan idatzitako esaldiak itsatsiko dituzte gure komunitatea osatzen duten familiek, eurek ere Argitxoren txokoa eurena sentitu dezaten.

Esan bezala, beroketa lanak egin ditugu, euskararekiko dugun arra ikasleengan sortzen saiatu gara eta mimoz prestatutako egitaraua dugu prest! Hemendik aurrera goza dezagun aurretik dugun euskararen asteaz! Euskarak 365 egun dituela ahaztu gabe!

 

Argitxoren txokoa ikastolan.