Urtero bezala, aurreko ostiralean LH3 eta LH4ko ikasleak Tolosako Nazioarteko Txontxongilo jaialdian izan ziren. Aurtengoa 42.edizioa izan da eta bi ikuskizun desberdin ikusteko aukera izan zuten.
Autobusetik jaitsi bezain laster, Topic antzokira gerturatu ziren “Caperucita roja” izeneko emanaldiaz gozatzera. Txanogorritxoren ipuin tradizionaletik at, neskato argi, autonomo eta ausart batekin aurkitu ziren antzokian. Musika eta dantzaz lagunduta, misterioz beteriko Txanogorritxoren bertsio ezberdin bat antzeztu zuten Italiako artistek.
Beranduxeago, Leidor aretoan Gaztela eta Leoneko txontxongilolariek, “El árbol rojo” emankizuna eskaini zuten. Bertan, bederatzi urteko neska batek bere nortasuna ezagutzeko egiten duen bidaia kontatu zieten. Zuzeneko musika entzuteko aukera izan zuten eta barre pixka bat ere egin zuten!
Bi ikuskizunen ondoren, Plaza Berrian bazkaldu zuten eta azken minutura arte ibili ziren jolasean han inguruan. Egun ederra pasa zuten zikloko ikasleek elkarrekin. Aupa Titirijai eta datorren urtera arte!!