Skip to main content
Elia irudiaItzulpen automatikoa

PROIak ABERASTEN 

2025/01/29

Eraldaketa pedagogikoaren bidean, eta gure oinarri den Pertsona Ereduari begira, duela 2 ikasturte jarri genituen PROIak martxan gure ikastolan UHERAko saioetan.

Aurretik ere esperientzia handia du ikastolak ikasleen parte-hartze aktiboa sustatzen duten proiektuak sortzen nahiz gelaratzen, baina Proiektuetan Oinarritutako Ikaskuntzak modu espezifikoago eta integratzaileagoan erantzuten die gure beharrei. Metodologia honen helburu nagusietako bat, komunitatean eragitea da eta horretarako, erronka ezberdinei egin behar izaten diete aurre ikasleek. 

Gure Pertsona Ereduari dagokionez, ondorengo bereizgarrietan sortzen du inpaktu gehien: kooperatiboan, erabakitzaile-ekintzailean eta nola ez, sortzailean. Momentu hauetan, LH3tik DBH2ra bitarteko maila guztietan eramaten ditugu aurrera PROIak.

Dakizuen bezala, 7KPko ikastolok hainbat eta hainbat lan-talde ditugu martxan eta PROIei lotutako taldeetan ere parte hartu dute gure ikastolako zenbait irakaslek; LH3 eta 4ko PROIak ekoizten eta sortuta zeuden LH5 eta 6koak aberasten hain zuzen ere. 

Honi jarraipena emanez, aurreko astean LH4ko PROIak aberasten hasi ziren 5 ikastola ezberdinetako (Anoeta, Laskorain, Arizmendi, Axular, Orio) 5-6 irakasle. Aurten gainera, lan-talde honen koordinazioa dagokigu.

Sortzen diren material didaktikoak berrikusi egin behar izaten dira hobetu ahal izateko eta horretan dabil buru-belarri aberaste taldea. Hilabetean bi egun jarraian elkartzen dira zeregin hauek aurrera eramateko. Moldaketak egin aurretik, aberastu beharreko PROIa analizatzen dute, hutsune eta hobekuntza proposamenak jasoz. 

Aberaste fase honetan, garrantzia handia ematen diete ikaskuntza kooperatiboari, ikasleak lankidetzan aritzeko modu esanguratsuena aurkituz (rolak, estrategia kooperatiboak, dinamikak…). Era berean, ikasle aniztasunari erantzuteko asmoz, PROI guztietan hartzen dute kontuan Ikaskuntzaren Diseinu Unibertsala (IDU), oro har, informazioa jaso nahiz adierazteko bide anitzak eskainiz eta jarduera batzuetan zailtasun maila ezberdinetako jarduerak diseinatuz. Honez gain, pentsamendu trebeziak, jardueren egokitasuna eta lantzen diren edukiak ere aztertzen dituzte, PROIa ahalik eta gehien osatzeko.

LH4ko IRAKURKLIK PROIa aberasteari ekin diote eta ikasturte honetan beste 3 PROI amaitzea da taldearen helburua.

 

proiak aberasteko taldea