Askotan hitz egin izan dugu gure ikastolan etorkizuneko gure ikastola eta gure ikasleak nolakoak izatea nahi dugun. Atzo, otsailak 13, Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean Innovamatek antolatuta, hezkuntzaren eraldaketari buruzko topaketa bat ospatu zen. Bertara gonbidatua izan zen gure ikastola ere eta. gogotsu joan ginen bertan hitz egin behar zuten hizlariak ez baitziren edonolakoak.
Jardunaldiari hasiera Eneko Goenanak eman zion, Innovamateko gure zonaldeko arduradunak, eta berehala hasi zen goizeko lehen hizlaria; Coral Regí. Irakaslea izateaz gain, zuzendaritza-taldeen lidergoan espezialista da. Gai desberdinen inguruan jardun zuen baina batez ere irakasleek hezkuntzan duten paperaz, ikasleei ikasteko gogoa piztearen garrantziaz eta irakasleek taldean lan egitearen ezinbestekotasun jardun zen batez ere.
Bigarren hizlariaren txanda iritsi zen ondoren; Marc Colomer, Innovamateko ikerkuntza arduraduna da bera eta gure garuna lanean jarri zuen gure atentzio selektiboa agerian utziz. Jarraian hainbat ikerketa interesgarriren berri eman zigun eta liburu batzuen gomendioak utzi zizkigun.
Geldialditxo baten ostean, eszenatokia pixka bat moldatu eta mahai-ingurua osatu zuten. Eneko Goenaga izan zen moderatzailea eta Larramendi ikastolako zuzendari pedagogikoa; Maria Galdeano, Gaizka Zubizarreta; Nafarroako Lizarraga ikastetxe publikoko ikasketa burua eta Uxue Arrazola; Ekintza ikastolako zuzendariak ikastetxe bat eraldatzearen inguruko beraien bizipenak kontatu zizkiguten. Interesgarriak guztiak ere, dudarik gabe.
Amaitzeko, Leire Aranak, Arizmendi ikastolako matematiken arduradunak, lanean jarri gintuen matematikako hainbat ariketen aurrean eta ikasgelan guk gure ikasleei planteatzen dizkiegun galderak egin zizkigun guri ere. Ikasleen paperean jarduteak ere beste ikuspegi bat ematen du azken finean, eta hori ere ikasteko baliatu genuen. Ikasleek, gelan frogatzen dugun bezala, errealitatearekin konexioak eginez ikasten dutela aipatu zigun beste gauza batzuen artean.
Bertan elkartu ginen irakasleok bakoitzak gure ikastetxeetan daramagun hezkuntza eraldaketaren inguruan zer pentsa eman zigun eta motxila bete ilusio eta amets itzuli ginen gure ikastolara. Mila esker Innovamati eta batez ere bertako Unai Lecuonari, beti gu hain ondo zaintzeagatik!