Orioko Herri Ikastolako LH6ko ikasleek proiektu berezi bat garatuko dute Siziliako Mazaro herriko ikasleekin batera. Turismo jasangarriaren inguruko lanketa egingo dute, ingurumenarekiko, kulturarekiko eta gizartearekiko errespetua sustatzen duen turismo-ereduari buruz hausnartuz.
Elkartruke hau Erasmus+ programaren baitan gauzatuko da, eta proiektuaren baitan, gure ikastolako sei ikasle Siziliara joango dira esperientzia partekatzera. Aldi berean, Mazarotik zortzi ikasle etorriko dira Oriora, gure ikastolako ikasleekin lanean aritzeko eta bertako kultura eta ingurunea ezagutzeko. Ikasleak proiektuarekin hasiak dira eta astero meet bilera bat ari dira egiten proiektua garatzeko.
Esperientzia honen helburua da ikasleen arteko harremanak sendotzea, kultura desberdinetatik ikastea eta turismo jasangarriaren inguruko kontzientzia zabaltzea. Europa mailako elkarlana sustatzeko aukera paregabea izango da, eta ziur gaude esperientzia aberasgarria izango dela guztiontzat!
