Azken hilabeteetan, lau praktikarik euren prestakuntza-prozesua Orioko Herri Ikastolan burutu dute, eta esperientzia oso positibotzat jo dute. Irati (LH4n), Judith, Nahia eta Irati (ingleseko taldean), eta Maddi (LH6n) izan dira praktiketan. Orioko Herri ikastola aukeratzea Maddiren kasuan herritarra delako izan da. Besteek, berriz, Ikastolaren hezkuntza-metodologiak erakarrita egin dute aukeraketa.
Lauren hitzetan, hasieratik harrera beroa jaso dute, eta ikastolako metodologia gertukoa eta parte-hartzailea izatea nabarmendu dute. “Oso gustura egon gara. Hasieratik gure iritziak kontuan hartu dituzte, eta ikasleekiko harremana oso aberasgarria izan da. Metodologia oso integratzailea da, eta ikasleen autonomia eta konfiantza sustatzen ditu.” azaldu dute.
Ikasleen autonomia bultzatzen duen hezkuntza-sistema aipatu digu Maddik, ikasleek askatasuna dutela lanak antolatzeko: “Lau zeregin aste osoan egiteko dituzte, eta bakoitzak bere erritmoan egin dezake. Ez duzu behartzen, ikasleak berak erabakitzen du noiz egin.” Irakasleen gertutasuna eta koordinazioa ere goraipatu dute: “Irakasleak ez dira soilik gelakoak, baizik eta haien artean koordinatzen dira eta denek badakite nola dagoen ikaslea. Asko eskertzen da hori.”.
Metodologiaren alde praktikoa eta emozionala ere azpimarratu dute, Konfiantzaren Pedagogiaren garrantzia nabarmenduz. “Ikasteko, lehenik ondo egon behar duzu. Hemen oso ondo zaintzen da hori,” adierazi dute. Irakasle eta ikasleen arteko harreman estua ere ikusi dutela esan digute, eta horrek ikasteko giro atsegina sortzen duela diote. Bestelde, beraiek ere irakasle bat gehiago bezala sentitu direla adierazi digute: “Ez dugu inoiz sentitu praktiketan ari ginenik soilik; taldeko kide bat gehiago ginen.” Egia da guztiz integratuta ibili direla, inauterietako argazkia horren seinale.
Praktikaldia amaitzear dagoen arren, esperientzia honek etorkizuneko ibilbidean eragin handia izango duela uste dute, eta Orioko Herri Ikastolan bizi izan duten giroa hezkuntza-eredu egokitzat jotzen dutela: “Oso metodologia polita iruditu zait, oso erabilgarria izango zaigu etorkizunean.”
Iratik LH4n egin zituen praktikak eta oso gustora ibili da. Asko gogoratzen dira berataz LH4ko ikasleak. English teamen ibili dira, berriz, Irati, Nahia eta Judith. Aurreko astean bukatu zuten eta dagoeneko faltan botatzen dituzte ingleseko irakasleek, hain izan dute eta jarrera ona!
Mila esker boskote!
