Skip to main content
Elia irudiaItzulpen automatikoa

Zabaldu dezagun mundURA!

Azken bi hilabeteetan, LH4ko ikasleak ardURA PROIa lantzen jardun dira eta amaierako zatian, galdera gidariari erantzunez, uraren garrantzia aldarrikatzeko abesti eta koreografiak sortu dituzte. 

Proiektuan zehar ura zertarako behar dugun, nondik datorren, gure etxeetara nola iristen den eta klima aldaketak zer-nolako eragina duen ikertu dute. Honez gain, urari lotutako esperimentuak egin dituzte eta ur kontsumoa aztertzen ere ibili dira. Ura zaintzeak duen garrantziaren inguruan hausnartu ostean, ura modu arduratsuan kontsumitzeko dekalogo bat ere sortu dute. Ziur gomendio hauek hainbat etxeetara iritsi direla!

 

PROIa modu dibertigarri eta sortzailean bukatzeko, talde bakoitzak kanta bat aukeratu eta letra aldatu diote, ura zaintzearen inguruko mezuak txertatuz eta dantza bat asmatuz. 

 

Komunitatean uraren garrantzia zabaltzeko asmotan, LHko gela guztietatik pasa dira beraien koreografia eta abestiak aurkeztera. Gutxitxo iruditu zaie, eta azken momentuan, emanaldia zabaldu eta familiak gonbidatzea bururatu zaie. A ze arrakasta izan duena! Honez gain, DBH3ko ikasleekin aurten sortu duten harremana dela eta, hauei aurkeztera ere animatu zaizkigu LH4koak. Hauek bai artistak!!

 

URA gure ardURA! Zaindu dezagun!

Zabaldu dezagun mundURA!