Skip to main content
Elia irudiaItzulpen automatikoa

Inspira Steam

Urtero bezala, DBH1eko ikasleek neskak zientziara hurbiltzea helburu duen Inspira Steam programan parte hartu zuten. Urtero jasotako harrera ona ikusita, dudarik gabe, aurten ere esperientzia errepikatu dugu, besteak beste Ana Viso, Ainhoa Okariz eta Lohitzune Solaberrieta gurasoen parte hartzeari esker.

Inspira Steam programak Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza, Matematika eta Artea (STEAM) arloetan emakumeen presentzia indartzea du helburu. Horretarako, gazteek, bereziki neskek, zientzia eta teknologia arloetan erreferente femenino hurbilak behar dituzte. Ana Viso, Ainhoa Okariz eta Lohitzune gurasoak izan dira Orioko Herri Ikastolako ikasleen inspirazio-iturri. Haien bidez, lanbide horiek ez direla eurentzako, zailegiak direla eta ez direla lortzeko gai sinestarazten dituzten estereotipoak landu dituzte. “Gazteei lanbide horiek hurbiltzen dizkiegu, zer esparrutan dihardugun erakusten diegu, gizarteari egiten diogun ekarpena eta eguneroko lanean aplikatzen ditugun trebetasunak erakusten dizkiegu. Neskek eta mutilek STEAM arloak etorkizuneko aukera gisa ikusi ditzaten nahi dugu, eta ez ditzatela alde batera utzi erreferenterik ez dutelako, nolako lana egin dezaketen ez dakitelako edo lortzeko beren gaitasunetan sinesten ez dutelako.”

Erreferente hurbilen bila:

Inspira Steam programaren bereizgarri nagusia da ikasleek emakume zientzialarien egunerokoa zuzenean ezagutzeko aukera izatea, zuzenean haien ahotsetatik jasotzen dutelako. Zalantzak, uste okerrak eta jakin-minak argitzeko aukera paregabea eskaintzen du. Aurten, Orioko Ikastolara hiru erreferente etorri zaizkigu, baina ez dugu zalantzarik zientzia eta teknologian lanean diharduten emakume gehiago daudela gure komunitatean. Zu ere horietako bat bazara eta programa honetan parte hartu nahi baduzu, esteka honetan aurkituko dituzu programari buruzko xehetasun guztiak. Inspira Steam etorkizun parekideago baten alde lan egiteko aukera da. Ana Visok iazko saioetan azpimarratu zuen bezala, “beharrezkoa da emakumeek jakintza arlo hauetan lan egitea eta presentzia izatea, izan ere, sexu aniztasunak pentsamendu anitzak eta aberasgarriak ekartzen ditu eremu guztietara.”

 

Ikasleak, Steam