Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleek proiektu aberasgarri eta parte-hartzailea garatu dute EKINen: jolas berriak sortu eta eraiki dituzte, sormenaren, talde-lanaren eta planifikazioaren bidez.
Urtarrilaren hasieratik apirilera arte, hainbat saiotan banatutako lan-prozesu batean murgildu dira. Lehenik eta behin, jolasen ezaugarriak aztertu dituzte taldeetan: zer egiten duen jolas bat erakargarri, zein diren bere elementuak, eta zer motatako jolasak gustatzen zaizkien. Hortik abiatuta, bakoitzak bere ideia proposatu du, eta taldeetan antolatuta, jolas berriak diseinatu dituzte.
Zirriborroak egin, materialak aukeratu eta lortu, formak, koloreak eta tamainak definitu... guztia beraiek antolatu dute, sormenaren bidez eta erantzukizunez. Behin diseinua amaituta, jolasak eraiki eta taldeka aurkeztu dituzte ikasgelan. Eta, noski, proiektuari amaiera zoragarria emateko, sortutako jolasekin jolasean ibili dira.
Ikasten eta elkarrekin sortzen jarraitzen dugu, jolasaren bidez ere bai!
