Skip to main content
Elia irudiaItzulpen automatikoa

"Komunikazioa familian: Marea bizien garaia da! Nola jarri diziplina positiboa seme-alabekin"

Atzo arratsaldean, Izar Arregi psikologoa gurean izan genuen "Komunikazioa familian: Marea bizien garaia da! Nola jarri diziplina positiboa seme-alabekin" izenburuko formazio saioan. Saioa aberatsa eta dinamikoa izan zen, eta familian komunikazio osasuntsua bultzatzeko hainbat gako eta ikuspegi partekatu zituen Arregik.

Formazioaren lehen zatian, gazteen garapena eta haien bizimodua hobeto ulertzeko gakoak jorratu ziren. Nerabezaroa aldaketa askoko garaia da, eta psikologoaren hitzetan, familiek gazteen une emozional eta kognitiboak ezagutzea funtsezkoa da harreman sendo eta eraginkorrak eraikitzeko.

Ondoren, gaztea entzun, jaso eta bere sentimenduak bideratzen laguntzeko une egokiak identifikatzearen garrantziaz jardun zen. Arregik azpimarratu zuen ulermen hori ezinbestekoa dela gaztearekin konfiantzazko harreman bat lantzeko.

Horretaz gain, mugak ezartzea eta diziplina behar bezala aplikatzea ere langaiak izan ziren. Psikologoak azaldu zuenez, familiek jakin behar dute noiz den komenigarriago gaztea gidatu eta bere portaeren aurrean mugak finkatzea, betiere modu koherente eta enpatiko batean.

Formazioaren erdigunean, diziplina positiboaren kontzeptua eta haren aplikazio praktikoak landu ziren. Diziplina positiboa ez da zigorretan oinarritzen, baizik eta haur eta gazteen autonomia, ardura eta konfiantza sustatzen ditu, ulermena eta elkarrizketa ardatz hartuta.

Amaitzeko, gurasoen eguneroko erronkez ere hitz egin zen. Izar Arregik espazio bat eskaini zuen gurasoen zalantzak, beldurrak eta zailtasunak partekatzeko, eta tresnak eman zituen horiek kudeatzeko.

Formazio saioa oso aberasgarria izan zen bertaratuentzat, eta familian komunikazio eraginkorra eta diziplina positiboa lantzeko gakoak eskaintzeaz gain, guraso izatearen erronkan laguntzeko baliabide praktikoak ere utzi zituen.

"Komunikazioa familian: Marea bizien garaia da! Nola jarri diziplina positiboa seme-alabekin"