Goizean goizetik nabari zen komunitate usaina pergola zein kiroldegi inguruan. Bazkaltzeko mahaiak antolatzera etorri ziren bolondresak atzera eta aurrera, kiroldegia atontzen ari ziren irakasleak ekitaldirako beharrezko materialak eskuan, bazkaltzeko paella prestatu ahal izateko paellerak eta suak antolatze lanetan beste batzuk, DBHko ikasleak arropa salmenta prestatzen… Emanaldia hasi baino ordu erdi lehenago ikasleez betetzen hasi zen ingurua urduritasunak eta euforiak lagunduta, emanaldia ikustera etorritako familiak ilaran…eta bapatean joareen hotsa kiroldegian, goizean kaleak alaitzen aritu zirenak kiroldegiko urteroko sarrera hunkigarria errepikatuz, aurten gainera Argitxo eta Xalto ere bai! Parte hartu behar zuten ikasleak prest eta harmailak beteta. Aurtengoan, Euskal Herriari, lurraldetasunari egin zitzaion keinua, zazpi probintzietako ohitura, kultura, festak…irudikatuz. Bejondeizuela!Eta emanaldi amaieran Palestinari ere keinua, genozidioan gertatzen ari dena gogora ekarriz, gure haurrak ere badirelako, gureen moduan jaialdi batez gozatzen egon beharko luketelako… Kiroldegiko emanaldiari amaiera emateko DBH4ko ikasleen agurra, txikitatik beraiena izan den ikastola utzi eta bide berri batzuk urratzera doazenaren seinale, oinarri sendoak dituzte ordea topatzen dutenari aurre egiteko. Kiroldegitik irtenda ere, jaiak bazuen tokia, paellaren inguruan familiak, tortila pintxoak, haurrentzat aurpegi margoketa…komunitatea elkartuta berriz ere. Berdin jarraitu zuen festak bazkarian eta bazkalostean ere, gaztaren erronka, errifetan tokatutako sarien zozketak, erromerian denak batera dantzan, ikasle, guraso, irakasle eta ikasle ohi. “Ikastola, gora gure Ikastola!” Biharamunean ere bazegoen zeregina ordea, bezperakoa garbitu beharra zegoen astelehenean ikasleak etortzerako. Tamalez, garbiketarako txandik ez zen bete eta irakasle batzuk aritu ziren lan horretan, mila aldiz eskerrik asko! Hurrengo urtean berriz ere elkartuko gara eta ziur gaude garbiketaren ardura ondo pasa genuen guztiok hartuko dugula, horrelako egun magikoak aurrera eramateko beharrezkoa baita lan guztietarako jendea egotea.
