LH1eko ikasleek aurreko ostiralean Oñatiko Arrikrutzeko kobetara egin zuten irteera, Euskal Herrian desagertzeko arriskuan dauden animaliei buruzko proiektuari lotuta.
Iritsi bezain pronto, garai batean gure inguruetan eta kobetan bizi ziren animaliei buruzko aurkezpentxoa egin ziguten. Jarraian, talde batek arkeologiako tailerrean parte hartu zuen, benetako ikerlari txikiak izango balira bezala. Taldeka, tresna ezberdinak erabiliz, animalien hezur ezberdinak aurkitzea izan zen beraien erronka. Beste taldeak berriz, kobazuloetako bisita gidatua izan zuen, estalaktika eta estalagmitak, animalien hezurdurak, etab. ezagutuz. Ondoren, txandatu egin ginen.
Errepidean gindoazela, mendi tontorrak zurituta ikusi genituen eta bertan ginela, lehen elur malutak erortzen hasi ziren, lurra zurituz. A zer sorpresa!! Batzuentzat, lehenengo aldia izan zen elurra hain gertu ikusi eta ukitzen zutena. Pixka bat jolasteko aukera ere izan zuten. Irteera borobila izan zen!
Orioko Herri Ikastola