Biharamun goxoa ekarri digu larunbateko egunak ikastolako komunitateko kideoi. Ekainaren 6an ospatu genuen gure urteroko festa eta aurtengoan ere zoragarria izan da. Zoragarria izan da, beste behin, gutako bakoitzak gure aletxoa jarri duelako.
Azken asteetan ikasle eta irakasleak mimo handiz eta buru-belarri jardun dira, larunbatean kiroldegian eskaini zuten emanaldia prestatzen. Bezperatik hasita, familia eta langileak jangelan elkartu ziren paellarako janari guztiak prest izateko. Larunbat goizean goizetik hasita, mahai, karpa, taberna… muntaketa lanetan aritu ziren elkarlanean langile zein familiak berriz ere. Emanaldian zehar, ikasleek erakutsi zizkiguten nola garen Nazio bat, nola garen Orio, Komunitate, Emozio eta noski, Ikastola. Malko batzuk ere ikusi genituen kiroldegian eserita zeuden baten baino gehiagoren begietan eta horrek erakusten digu, egiten dugun guzti honek merezi duela.
Eguraldiak zapuztu nahi izan zuen bazkal aurreko tartetxoa baina, kantu jirarako bolondres agertu ziren familia eta herritarrei esker, errazagoa izan zen itxaronaldia.
Behin mahaian eserita, Michelin izarra urruti ez zuten paella goxo askoak dastatu genituen, hauek ere, zalantzarik gabe mimo handiz eginak izan ziren. Mimo eta umorez beteta, izan ere tabernan, barraren aurrean zein atzean, suaren inguruan, dantzan,... elkarrekin sentitu genituen denak. Belaunaldi desberdinak mahai berean. Ikasleak, familiak, azken ikasturtea duten ikasleak, ikasle ohiak… denak elkarrekin. Musikak ere laguntzen du giroa animatzen eta musikari profesionalez gain, ikasle ohiak ere izan genituen DJ lanak egiten.
Atzo goizean, gehienok oraindik ohean geundela, bolondres koadrila bat ikastolara ere joan ziren, gaurko dena txukun txukun gera zedin azken garbiketak egitera.
Esan bezala, atzoko jaialdia primerakoa atera zen. Hemendik aurrera ere berdin jarraitzeko; larunbatean sentitu genuen komunitate hori urte guztian zehar sentitzeko alegia, lanean jarraitu behar dugu, elkarrekin.
Eskerrik asko guzti guztioi!
Orioko Herri Ikastola