Skip to main content
Elia irudiaItzulpen automatikoa

Jazarpena etetea Ikastolako komunitate osoaren ardura

2021/11/04

Jazarpena ikastetxe guztietan ematen dela kontuan izanik, Orioko Herri Ikastolak duela bost urtetik lantzen du Finlandian garatutako jazarpenaren aurkako KiVa programa. Programa eraginkorra da, besteak beste:

  • prebentzioa lantzen delako
  • jazarpen kasu batean eskuartzeko irakasleei konfiantza ematen dielako
  • lantzen diren kasuen % 89an jazarpena gelditzea lortzen delako. 

Jazarpenaren aurka beti adi!

Orioko Herri Ikastola KiVa programarekin lanean hasi zenez geroztik, Orioko Ikastolako ikasleek urtero galdetegi bat erantzuten dute urte. Galdetegia guztiz anonimoa da eta Finlandiako Turku unibertsitateak jasotzen eta aztertzen ditu jasotako erantzunak. Emaitzek erakusten dutenez, programa martxan jarri zenez geroztik, jazarriak sentitzen ziren ikasleen kopuruak ikaragarri egin du behera. 2016ean, ikasleen %19,15 zen jazartua eta 2021an, berriz, % 6. Hala ere, beherakada nagusia programa martxan jarri zen urtean gertatu zen, eta azken bizpahiru urteetan jazartu eta jazartzaileen kopurua egonkortu edo gorantz doala ikusi da. Gainera, galdetegiko emaitzek erakutsi digute, zenbait mailatan sexu-jazarpena eta ziberjazarpena gehiago landu behar ditugun arloak direla. Hortaz, Ikastolako Kiva taldeak argi du ezin dela orain arte egindakoarekin konformatu eta prebentzioan indar handiagoa egin behar dela. 

Gurasoen inplikazioa

Azpimarratzekoa da, halaber, jazarpen-kasuak guztiz eteteko Ikastolako komunitatea osoaren laguntza behar-beharrezkoa dela, baita gurasoena ere. Izan ere, eskola jazarpenaren aurkako lanean, prebentzioa eta detekzio azkarra funtsezkoak dira. Zentzu horretan, jazarpenarekiko kontzientzia zenbat eta handiagoa izan, orduan eta azkarrago eta hobeto detektatuko dira jazarpen kasuak. KiVak gurasoentzako gidaliburuan bullying-ari buruzko informazioa eskaintzen du, hau da, egungo ikerketen arabera zer dakigun eta etxean zein ikastetxean zer egin daitekeen.

Irizpide orokor bezala, jakin, jazarpena eta eztabaidatzea edo txantxa bat egitea ez direla gauza bera. Jazarpena egiten da nahita, behin eta berriz, eta biktima babesgabe edo egoera ahulagoan dagoelako. Errepikapena eta babesgabetasuna, beraz, jazarpenaren ezaugarri garrantzitsuak dira.  

Noski, ikasleren bat egoera horretan dagoela sumatuz gero, ez zaio inolaz ere kargu hartu behar.  Biktimak jakin behar du helduak (tutorea, irakasleak, KiVa taldeko kideak, gurasoak…) uneoro daudela bera entzun eta laguntzeko prest. Esan bezala, Orioko Ikastolak 3 kidez osatutako Kiva taldea du, eta hortaz, gurasoek beraien seme-alaba egoera horretan dagoela ikusiz gero tutorearei eta Kiva-taldeko kideei jakinaraztea eskatzen diegu, Kiva protokoloa ahal bezain laster aktibatu eta egoera jasangaitza eteteko.

bullying1.png