Skip to main content
Elia irudiaItzulpen automatikoa

Elkarrekin hobeto

Ikastolak jazarpenaren kontrako protokolo eraginkorra du eskuartean

Orioko Herri Ikastola 2016-2017 ikasturtetik da Kiva Ikastola. Zer esan nahi duen horrek? Jazarpenaren (bullying) aurkako protokolo eraginkorra dugula eskuartean: KiVa programa. 2016ean %15ekoa zen jazartuak izandako ikasleen kopurua eta, 2016az geroztik, %5 ingurukoa da.

elkarrekin hobeto
elkarrekin hobeto

KiVa programaren indarguneak hiru puntutan laburbildu daitezke:

  • Prenbentzioa: Taldearen babesean gertatzen den fenomenoa da eskola jazarpena. Eta hori da, hain zuzen ere, KiVa programak azpimarratzen duen puntuetako bat. Bullyinga erauzi nahi bada, erasotzailearekin eta biktimarekin bezala, taldearekin ere lan egin behar da. Taldeko kideek biktimarekiko enpatia lortzen dutenean, horrek eragina du erasotzailearen jokabidean ere. Horregatik indarra jartzen du KiVa egitasmoak prebentzioko proposamenetan.
    LH1ean hasi eta DBH3 arte, tutoretzetan lantzeko hainbat jarduera eskaintzen ditu KiVak. Besteak beste, hauek dira lantzen diren atalak; elkar ezagutzea eta onartzea, norbera ezagutzea eta besteekin harremanak lantzea, jazartzeko moduak eta mekanismoak ezagutzea eta jazarpenaren ondorioak eta haren aurkako indarrak ezagutzea.
  • Helduen babesa biktimari: Biktimak jakin behar du helduak (tutorea, irakasleak, KiVa taldeko kideak, gurasoak…) uneoro daudela bera entzun eta laguntzeko prest. Zuzenean jo dezake helduengana edo mezu bat idatzi kiva@oriokoikastola.eus helbidera.
  • Esku-hartze zuzena: Jazarpen kasu baten aurrean, Orioko Herri Ikastolako KiVa taldeko kideek zuzenean lantzen dute egoera biktimarekin eta erasotzaileekin. Helburua ez da inor zigortzea, egoera aldatzea baizik. Eta horretarako, erasotzaileei beraien jokaera aldatzeko konpromisoak hartzeko eskatzen zaie. Konpromiso horiek betetzen dituztela ziurtatzeko jarraipen-bilerak egiten dira erasotu eta erasotzaileekin, hiru astez, gutxienez.

KIVA TALDEA ORIOKO HERRI IKASTOLAN

Orioko Herri Ikastolako KiVa taldea hiru irakaslez osatuta dago. KiVa taldeak jazarpen kasuen jarraipena egiteaz gain, prebentzio-saioetan aholkularitza ere eskaintzen du. Horretarako, Ikastolen Elkarteko adituen eskutik formazio jarraia jasotzen dute.

Azpimarratzekoa da, halaber, jazarpen-kasuak guztiz eteteko Ikastolako komunitate osoaren laguntza behar-beharrezkoa dela, baita gurasoena ere. Izan ere, eskola jazarpenaren aurkako lanean, prebentzioa eta detekzio azkarra funtsezkoak dira. Zentzu horretan, jazarpenarekiko kontzientzia zenbat eta handiagoa izan, orduan eta azkarrago eta hobeto detektatuko dira jazarpen kasuak. KiVak gurasoentzako gidaliburuan bullying-ari buruzko informazioa eskaintzen du, hau da, egungo ikerketen arabera zer dakigun eta etxean zein ikastolan zer egin daitekeen.