Skip to main content
Elia irudiaItzulpen automatikoa

“Ludopatian ez dago salbuetsita dagoen ez adin ezta generorik ere”

2021/12/17

Ekintza Bibe (Bizi Berria) elkarteko kide den Joxeanek DBH3 eta DBH4ko ikasleekin ludopatiari buruzko saioak egin ditu aste honetan. Joxeanek oso ongi daki zertaz ari den, duela zenbait urte bere larruazalean bizi izan baitzuen ludopatiaren arazoa. Lekukotza pertsonal horretan oinarrituta, ikasleen arreta pizteaz gain jokoaren arriskuaz ohartarazi zituen ikasleak. 

Guk elkarrizketa bat izan dugu Joxeneanekin ludopatia zer den eta nola aurreikusi daitekeen azaldu digu.

Aurkeztuko diguzu Ekintza Bibe elkartea bi hitzetan?

Ekintza Bibe egoitza nagusia Errenterian duen irabazi asmorik gabeko elkartea da. 26 urteko ibilbidea dugu ludopatia jasaten ari diren pertsonen erreabilitazioan lanean. Azken 4-5 urteetako ludopaten perfila ikusirik, prebentzio-saioak egiten ere hasi ginen.

Zergatik uste duzu garrantzitsua dela gazteei ludopatiaz hitz egitea?

Gure elkartean argi ikusi dugu azken urteetan gero eta jende gazteagoa hurbiltzen zaigula. Urte honetan, bertan, urtarriletik ekainera gure elkartera etorri diren ludopaten %70 18-25 urte bitartekoa da eta horiek aitortuta dakigu jokoan 14 urterekin hasi zirela. 14 urterekin, noski, ez zuten egunero jokatzen, baina ia oharkabean, adikzioak harrapatuta ikusi zuten beraien burua. 

Nola antolatzen dituzue saioak?

Ni ludopata izana naiz eta nire esperientziatik hitz egiten diet gazteei. Oso bortitza den errealitatea beraien aurrean gordinki agertzea gogorra da, baina uste dugu egin beharrekoa dela. Izan ere, ludopatian erortzea edozeini gerta dakiokeen zerbait da, bizilagunari, osaba, lagunari edo norberari… Ez dago salbuetsita dagoen ez adin ezta generorik ere.

Zer da saioetan egiten duzuena?

Gure helburua da ludopatiaren lehen zantzuak identifikatzen laguntzea. Adibidez, “nik hau kontrolpean daukat” esaten badu norbaitek, ziur arazo bat duela. Bestalde, ondorioak zein diren ere azaltzen diegu, ludopatia ez baita besterik gabe jokoan behin eta berriz jokatzea. Ludopatiak delinkuentziara eta tratu txarretara bideratzen du pertsona.

Gizartean arazo honi behar besteko garrantzia ematen zaiola uste duzu?

Gero eta apustu etxe gehiago dago eta jakin behar dugu apustu etxeek estrategiak erabiltzen dituztela bezeroen garunak estimulatzeko. Dena neurtuta dago, pantaila handiak, jan-edarien eskaintzak, argiztapena, ordularirik ez egotea… Ez dago kasualitatezko ezer eta, beraz, apustu-etxe batera sartzen bagara komeni zaigu jakitea oso ongi nora sartzen ari garen. Horretaz, hitz egin behar da, taburik gabe. 

Gurasoentzako aholkurik baduzu?

Nik uste dut gurasoek arauak zenbat eta lehenago jarri hobe dela. Bestalde, noski, arau horiek gurasoek beraiek ere bete behar dituzte. Adibidez, gazteei esaten bazaie lotara ez dela mugikorrarekin joan behar, helduok ere gure mugikorra salan utzi behar dugu gauez. Bestalde, kontuan izan behar da nerabezaroa jada badela karga emozional handiko adin-tartea eta, beraz, asko hitz egin behar da nerabeekin, nahiz eta beti erraza ez izan. Azkenik, gurasoek jarrera desegokiren bat ikusten badute, berandu gabe laguntza eskatzeko esango nieke. Gurea bezalako elkarteetan jende espezializatua dago eta, garaiz landuz gero, nahikoak dira 4-5 saio arazoari buelta emateko. 

Ez da lehen aldia Orioko Ikastolara etortzen zarena. Nolako harrera izaten duzu ikasleen partetik?

Oso harrera ona izaten dut eta esperantzarako arrazoiak daudela ere ikusten dut. Egia da estatistikei erreparatuz gero biztanleriaren %4ak duela ludopatian erortzeko arriskua, baina ikasleek enpatia handia erakusten dute, adibidez, nire emazteak zer pentsatzen duen eta nola bizi izan duen galdetzen didatenean. Txutxumutxuetatik haratago, arazoaren globaltasunaz jabetzen direla erakusten du horrek.