Skip to main content
Elia irudiaItzulpen automatikoa

Nerabezaroan indarkeria sexista prebenitzen

2022/03/10

DBHko hiru irakaslek "Gazteekin indarkeria sexista prebenitzeko estrategiak hezkuntza formalean eta ez formalean" formakuntzan parte hartu dute. 

Gazteen Euskal Behatokiak antolatuta, Orion aski ezaguna den Eider Goiburuk 10 orduko ikastaroa eskaini du "Gazteekin indarkeria sexista prebenitzeko estrategiak hezkuntza formalean eta ez formalean" izenburupean, Donostian. 14 irakaslek osatutako lan-taldea sortu da eta tartean izan dira Orioko Herri Ikastolako DBHko hiru irakasle.

Lehen saioan indarkeria matxistari lotutako terminoak, sexualitatearen lau dimentsioak, indarkeria motak eta nerabezaroaren ezaugarriak landu zituzten. Bigarren saioan, indarkeria sexista prebenitzeko ikastetxeek hartu beharreko neurrien inguruan eztabaidatu eta esperientziak partekatzeko aukera izan zuten. Horrez gain, ikasleekin egin daitekeen lanketari buruzko hainbat gomendio ere jaso zituzten.

Martxoaren 8a pasa berritan, parekidetasuna lortzeko oraindik egiteko asko dagoen arren, beti da aberasgarri eta motibagarri indarkeria sexistaz hitz egiteko denbora hartzea eta esperientziak trukatzea.