Skip to main content
Elia irudiaItzulpen automatikoa

Inklusioa lantzeko, Europara

2022/10/05

Orioko Herri Ikastola Erasmus+ programan sartu da, Inklusioa: hezkuntza komunitate osorako ataza proiektuarekin. 

Hasteko, zorionak eman behar dizkiogu Orioko Herri Ikastola Erasmus+ programan sartzea lortu duen irakasle-taldeari. 2022ko ekainean, Inklusioa: hezkuntza komunitate osorako ataza izenburuarekin aurkeztu ziren Erasmus+ programara eta ekainean jaso zuten baiezkoa. Proiektuaren xehetasunak jasotzeko asmoz egin diegu elkarrizketa Lupe Altuna, Eramus+eko koordinatzaileari eta Amaia Pinacho, iraupen luzeko mugikortasuneko tutoreari. 

Zer da Erasmus+?

Erasmus+ unibertsitatez kanpoko hezkuntzako kide guztiei zuzenduta dagoen proiektua da. Helburua da Europako hezkuntzako kideak harremanetan jartzea, online zein aurrez aurre elkartuta, eta elkarrengandik ikastea norbere zentroan hobekuntzak egiteko.

Eta zein da zehazki, Orioko Herri Ikastolak Eramus+ proiektuaren bitartez ikasturte honetan hobetu nahiko lukeen arloa?

Ikasturte honetan KA122 programan sartzea lortu dugu, “Inklusioa: hezkuntza komunitate osorako ataza” izenburua jarri diogun proiektuarekin. Geletako ikasleen aniztasunari ongi erantzuteko erronkari heldu nahi diogu, aukera gutxiago duten ikasleak zein egoera zaurgarrian daudenak laguntzeko.  

Eta nola gauzatuko da hori?

Erasmus+ proiektuari esker, zenbait irakaslek Europako beste herrialde batzuetara bidaiatuko dute inklusioaren inguruko esperientziak behatzeko eta ikastaroak jasotzeko. Ondoren, ikusi eta ikasitakoa Orioko Herri Ikastolan nola gauzatu daitekeen landu beharko dute. Ikasleei dagokienez ere mugikortasunak egongo dira, baina ideia ez da gela oso batek beste herrialde bateko gela batekin trukea egitea. Helburua inklusioa izanik, proiektuak landuko ditugu online eta ikasle gutxi batzuk soilik izango dute bidaiatzeko aukera.  

Zenbat mugimendu izango dituzue?

Guztira 10 irakaslek hartuko dute parte Europako behaketa eta ikastaroetan, eta ikasleei dagokienez, bi mugikortasun izango ditugu. Alde batetik, iraupen luzekoak: DBH4ko 5 ikasle Suediara joango dira 5 astez han ikasteko. Eta, bestetik, bi mugikortasun labur daude, astebetekoak: batean, frantsesa izango da lanerako hizkuntza eta, bestean, 5 ikasle Suediara joango dira ingurumenarekin lotutako proiektuak lantzera, ingelesez.

Nola aukeratuko dira ikasle horiek? 

“Inklusioa: komunitate osorako ataza” da aurkeztu dugun proiektua. Hortaz, inklusioa indartzea da gure helburua eta proiektu hau baliatuko dugu egoera zaurgarrienean dauden ikasleak motibatzeko. Beraiek izango dira mugitzeko lehentasuna izango dutenak. Noski, aukeraketa-prozesua oso gardena izango da eta Ikastolako talde eta egitura desberdinetako kideek hartuko dute parte, esaterako, Artezkaritza, Hezkuntza lantaldea eta zuzendaritza taldea.

Eta 2022/2023 programa amaitutakoan beste proiektu bat aurkezteko asmoa duzue?

KA122 programa 18 hilabeterako programa da, baina badago 2027 arte finantzazioa ziurtatzen duen akreditazioa lortzeko aukera ere. Une honetan, horrekin ari gara lanean. Akreditazioa lortzen badugu, 2026/2027 ikasturtea bitarte urtero mugikortasun batzuk egiteko finantzazioa eskuratuko genuke.