Skip to main content
Elia irudiaItzulpen automatikoa

Orioko Herri Ikastolak Erasmus+ programarekin jarraituko du datozen lau urteetan

2023/02/15

Orioko Herri Ikastolak 2027a arte finantzazioa bermatzen dion Erasmus+ akreditazioa eskuratu du. Oso berri pozgarria da, 2022/2023 ikasturtean hasitako lana jarraitzeko bermea baita.

2022/2023 ikasturte honetan bezala, datozen lau urteetan ere, Orioko Herri Ikastola Europara begira ere jarriko da. Izan ere, akreditazioari esker, aukera izango du Europako esperientzia pedagogikoak bertatik bertara ezagutzeko, baita Europako beste herrialdeekin elkarlana bilatuz, ikasleek proiektuak landu eta trukeak egiteko ere. 

Akreditazioan markatu diren lan-ildo nagusiak sei izan dira:

1. Banakako programazioak diseinatzea, ikasle migratzaileei edo premia bereziak dituztenei arreta pertsonalizatuagoa eta integratzaileagoa eskaintzeko.

2. Lagunarteko hizkuntza errespetuz erabiltzeko estrategiak ezartzea, ikasleen artean adierazpen arrazista, sexista eta baztertzaileak gutxiago erabil daitezen.

3. Ikastetxeko irakasleak trebatzea baso-eskoletako metodologian (“Skov-Skole”).

4. Ikerketa txikiak diseinatzea, ikasleak kontsumismoaren ondorioez kontzientziatzeko eta iraunkortasunarekiko konpromisoa indartzeko.

5. Eztabaida-dinamikak hobetzeko espazioak eta estrategiak eskaintzea, eta ikasleek ikastetxearen erabakietan aktiboki parte har dezaten lortzea.

6. Irakasgai guztietako irakasleak hizkuntzen tratamendu integralean prestatzea eta langileen eta ikasleen hizkuntza-gaitasuna hobetzea.

Datozen lau ikasturteetan, sei lan-ildo horiek eta irakasleen interesak uztartuz, urtez urte eskaera zehatzak egingo dira irakasleentzako behaketak eta ikastaroak, eta ikasleen trukeak egiteko. Hortaz, oraingoz ezin da zehaztu urte bakoitzean ze ekimen zehatz egingo den, baina ziurra dena da, Europara joateko finantzazioa egongo dela.