Astelehenean, Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako irakasleek, Lorratza elkartearen eskutik, arrisku egoeran egon daitezkeen adin txikikoen inguruko formazio bat jaso zuten. Bertan, arrisku egoera horiek antzematen eta jakinarazten trebatzeko aukera eskaini zien Irati Gonzalez eta Jon Zumalabe adituek.
Lorratza elkartea, gizarte heziketa lanez arduratzen da eta une honetan Orioko Udalarekin elkarlanean dihardu. Hau horrela, gizarte zerbitzu hori Oriotar guztiei ongizatea bermatzeko eta laguntza eskaintzeko lanean dabil. Gure kasuan, hezkuntza eragile bezala, adin txikikoekin lanean dihardugunez, behar horien detekzioaren inguruko formakuntza eskaini zien Orioko Herri Ikastolako irakasleei.
Pertsona orok, osasun eta garapen egokia izateko, oinarrizko behar batzuk beteta izan behar dituztela azpimarratu zuten eta, adin txikikoen kasuan, guraso edota tutoreena da horiek asetuta izatearen ardura. Hau horrela gertatzen ez den kasuetan, hezkuntzan lan egiten dugunok ardura eta betebehar batzuk genituela adierazi zuten eta kasu horietan, eskuhartzeren bat egin ahal izateko prozedura azaldu ziguten.
Formakuntza interesgarria izan zen, ikasleen arrisku egoerez eta babesgabetasunaz hitz egiteko eta zalantzak argitzeko aukera eskaini zigulako.
Aurrez DBHko irakasleek ere jadanik jasoa zuten formakuntza hori.