Haur Hezkuntzako Maider Arrillaga, Lehen Hezkuntzako Aurora Azkue, eta Bigarren Hezkuntzako Iñaki Beraza eta Lupe Altuna Erasmus + Programako behaketa saioetan eta ikastaroetan izan dira. Elkarrekin hitz egiteko astia izan dugu eta beraien esperientziak kontatu dizkigute.
Non izan zarete?
I: Portugalera joan gara Aurora, Maider eta ni (Iñaki). Lisboa eta Oporto tartean dagoen Montemor O Velho herriko hiru ikastetxe bisitatzen izan gara. Nagusiki hiru helburu genituen joan aurretik. Lehena eta garrantzitsuena, aniztasunari zer nolako trataera ematen zioten ikustea, ikasketa gaitasunei dagokionez; ondoren, egoera zaurgarrian dauden ikasleak nola tratatzen dituzten ikustea; eta azkenik, generoaren ikuspegitik patioen kudeaketa nola egiten duten behatzea.
L: Ni (Lupe) berriz, Helsinkin egon naiz, 6 eguneko ikastaro batean. Hezkuntzarako espazioen diseinuaren inguruko ikastaroa izan da, XXI. mendean hezkuntzak dituen erronkei erantzun ahal izateko.
Nongo eskolekin partekatu dituzue saioak?
L: Helsinkin beste 5 herrialdeetako irakasleak zeuden: Greziako Santorini irlakoak, Frantziako Reunion irlakoak, austriakoak, poloniarrak eta belgikarrak. Espazioak, beste ikastetxeetan nola antolatzen dituzten ikasi dut, eta bakoitzari zein erabilera ematen dieten. Argi geratu zait ezinbestekoa dela eraldaketa pedagogikoari laguntzen dioten espazioak edukitzea.
I: Guk, berriz, Agrupamento de Escolas de Montemor O Velhoko hiru zentroetako irakasleekin bizi izan dugu esperientzia hau eta beraiek izan dira gure gidari behaketa hauetan. Aniztasunaren eta zaurgarritasunaren trataerarako ideia pila jaso ditugu.
Zer izan da esperientzia honen aberasgarriena?
I: Profesionalki beste herrialdeetan aniztasunari nola erantzuten dien ikusi eta bertako langileekin esperientziak partekatu ahal izatea aukera bikaina izan da guretzat. Pertsonalki, oso aberasgarria izan da, elkarrekin joan garen irakasleok oso bizipen polita izan dugulako. Oso gustura ibili gara.
L: Oso aberasgarria izan da niretzat beste herrialdeetako esperientziak ezagutzea eta Finlandiako hezkuntza sistemari buruzko azalpenak gertu-gertutik entzutea.
Errepikatuko al duzue?
L: Oso aukera interesgarria izan da baina, hurrengo batean, beste irakasle bati emango nioke esperientzia hau bizi izateko aukera.
I: Ez dakigu errepikatu ahal izango dugun, Lupek dioen bezala, besteei ere aukera eman behar zaielako. Hala ere, errepikatu nahiko genukeen galdetzen badiguzu, erantzuna baiezkoa da, zalantzarik gabe. Bide batez, Erasmus+ ekimenaren atzean dauden lankideei eskerrak eman nahi dizkiegu guzti hau aurrera ateratzeko lan handia egiten ari direlako.