Urtero bezala, DBH1eko ikasleek neskak zientziara hurbiltzea helburu duen Inspira Steam programan parte hartu zuten. Urtero jasotako harrera ona ikusita, dudarik gabe, aurten ere esperientzia errepikatu dugu, besteak beste Ana Viso eta Ainhoa Okariz gurasoen parte hartzeari esker.
Inspira Steam programak Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza, Matematika eta Artea ditu zutabe eta jakintza arlo hauetan emakumeen presentzia sustatzea du helburu. Horretarako, gazteek, bereziki neskek, zientzia eta teknologia arloetako erreferente femenino hurbilak behar dituzte. Esan bezala, Ana Viso eta Ainhoa Okariz gurasoak izan dira Orioko Herri Ikastolako ikasleen inspirazio-iturri. Pertsona horien bidez, lanbide horiek ez direla eurentzat, zailegiak direla eta ez direla lortzeko gai sinestarazten dizkieten estereotipoak ikasi dituzte. “Lanbide horiek hurbiltzen dizkiegu gazteei, zer esparrutan dihardugun erakusten diegu, zer ekarpen egiten diogun gizarteari edo nolako trebetasunak aplikatzen ditugun eguneroko lanean. Gazteek, neskek eta mutilek, STEAM arloak etorkizuneko aukera moduan planteatu ditzaten nahi dugu eta ez ditzatela albo batera utzi erreferenterik ez dutelako, nolako lana egin dezaketen ez dakitelako edo lortzeko beren gaitasunetan sinesten."
Erreferente hurbilen bila
Inspira Steamen bereizgarria da ikasleek emakume zientzialarien egunerokoa zuzenean beraien ahotsetik jasotzen dutela. Zalantzak, uste okerrak, jakin-minak... argitzeko aukera aparta izaten da. Esan bezala, aurten, Orioko Ikastolako bi erreferenteak jada izendatuak ditugu, baina ez dugu zalantzarik egiten zientzia eta teknologian lanean diharduten askoz emakume gehiago dagoela gure komunitatean. Zu ere horietako bat bazara eta programa honetan parte hartu nahiko bazenu, esteka honetan aurkitu dituzu programari buruzko xehetasun guztiak. Etorkizun parekideago baten alde lan egiteko aukera da Inspira Steam. Izan ere, iazko saioetan Ana Visok azpimarratu bezala, “beharrezkoa da emakumeek jakintza arlo hauetan lan egitea eta presentzia izatea, izan ere, sexu aniztasunak pentsamendu anitzak eta aberasgarriak ekartzen ditu eremu guztietara.”