Aste honetan zehar Macsonrisas prestakuntza zentroaren eskutik, heziketa digitalari buruzko hainbat formazio-saio jaso dugu Orioko Herri Ikastolan.
Macsonrisas elkarteak guraso, irakasle eta hezitzaileentzat heziketa digitalari buruzko hitzaldi eta kurtsoak eskaintzen ditu. Teknologien arloan belaunaldien arteko tartea txikitzea eta, haur eta nerabeei hezkuntza digital egokia eskaintzeko gai izatea da formazio horien helburua. Horretarako, haur eta nerabeek Interneten bizitzen duten errealitatea zein den azaltzen dute, baita heziketa digital egoki baterako irizpideak eta tresnak eman ere: guraso kontrolerako tresnak, haur eta nerabeekin hitz egiteko gaiak eta sare sozialetan ibiltzeko adin egokiari buruzko irizpideak. Gainera, sare sozialei eta teknologiari lotutako arriskuak ere jorratzen dituzte: grooming-a, sextorsioa, genero indarkeria digitala, malware-a, ingenieritza soziala, adikzioa... Izan ere, gaia gertutik ezagutzea ezinbestekoa da heziketa digital egokia eskaintzeko eta prebentzioa nola landu daitekeen jakiteko.
Horrez gain, ikasleek ere jaso dute zuzeneko formazio-saio bat sare sozialak, online jolasak eta smartphona era kontzienteagoan erabiltzen ikasteko. Jolasen bidez, teknologia horiek dituzten arriskuak eta erabilera desegokiak dakartzan ondorioak zeintzuk diren azaldu diete eta prebentzioa nola landu daitekeen ere erakutsi die.
Heziketa digitalari buruzko formazioa jasotzen jardun gara beraz guztiok. Gaiak bere garrantzia duenez, guztiok bat eginda aurre egiteko!
Bilerara etorri ezin izan zenutenok, honako esteka honetan aurkituko duzue gure Ikastolako familientzat eman zuen hitzaldia.