Skip to main content
Elia irudiaItzulpen automatikoa

Hunkigarria eta ederra izan zen pasa den larunbatean ospatutako Ikastola Eguna.

2024/06/04

Larunbatean ospatu zen Orioko Herri ikastolako urteroko jaia. Eguna borobila izan zen; kiroldegiko emanaldia, ondoren DBHko ikasleek prestatu zuten hamaiketakoa, bazkaria, musika emanaldia, giroa… ez zen ezer falta izan.

 

Hori guztia ondo ateratzeko, ikusten ez den atzeko lan handia dago ordea. Bezperan hasi ziren guraso eta irakasleak larunbaterako bazkaritarako lanak aurreratzen. Giro ederrean bildu ziren ikastolako sukaldearen inguruan bolondres mordoa eta hurrengo egunerako lanak aurreratuta utzi zituzten. 

Larunbatean, goizeko bederatzietan, guraso, ikasle eta irakasleak berriz ere pergolan bildu ziren, bazkaltzeko mahaiak eta aulkiak kokatu, kiroldegiko musika aparatuaren muntaia egin, taberna, sukaldatzeko toldoak, suak… dena prestatzeko! Ez zen esku eta gogorik falta izan.

Hasieran euria ari bazuen ere, ez zituen kikildu  DBHko ikasleak eta ttuntturroak soinean herriari dei egitera atera ziren herriko kaleetan zehar eta bukatzeko, jendez lepo zegoen kiroldegian egin zuten azken buelta. Behin hauek saioa bukatuta, Ikastolako zuzendari eta lehendakariak hartu zuten hitza eta jaialdiko gaia aurkeztu zien bertaratu zirenei. HARRO HERRI korrikako leloari keinu eginez, Orioko herriaz, eragileez, inguruaz, ohiturez, kulturaz, aniztasunaz harro gaudela adierazi zuten eta jaialdian ere horri keinu egin zien HH eta LHko ikasleek gustu handiz prestatutako dantzei esker. 

Bukaeran, DBH4koen agurra izan zen, hunkituta zeuden Ikastolako ibilbidearen amaiera gertu dutela ikusita eta beraien emozioak bertaratu ziren guraso zein irakasleen artean ere kutsatu ziren. 

Behin kiroldegian egindako jaialdia bukatuta, festak jarraipena izan zuen. Dagoeneko gurasoen artean prestatzen ari ziren paellako osagaiak borborka ari ziren usain goxoak zabalduz eta DBH3ko ikasleek ere ikasketa bidairako dirua lortzeko kamiseten eskaeren postua ere prest zegoen eta baita ikastolako arropen salmentako postua ere. Giro ederra sortu zen berehala, eguzki izpiak ere atera ziren eta komunitate osoa elkartuta nabari zen. 

Bazkalordua iritsi zenean, bapo jan zuten mimo handiz prestatutakoa bazkaltiarrek eta kafe garaiko bueltan Iñaki Larrañaga eta Imanol Intxaustiren eskutik erromeri bikaina izan zuten. Dantzan aritu ziren gustura eta tartean gaztaren pisuaren erronka eta rifen sari banaketa ere egin zen. Saridunek, hainbat opari eskuratu zituzten, borondatez emandako kirolari, artista, eragile eta norbanakoen eskutik.

Primerako giroa sortu zen hasieratik bukaeraraino, eguna borobila joan zen eta noski guzti hau ez zen posible izango bakoitzak bere alea jarriko ez balu, beraz benetan mila mila esker guztioi eta gora gure Ikastola!