Ostiral arratsaldean hasiera eman eta astelehen iluntzean amaitu zen ikastolako kultur astea. Urte batzuk pasa dira azkenekoz antolatu zela eta aurten kultura lantaldetik bazegoen gogoa berriz ere indarrak hartu eta pixkanaka gure kultur agendari forma ematen joateko. Eta gogoa eta indarra batuta, forma polita eman zaio gure kultur asteari.
Ostiralean, talo-jana eta bingo musikatua izan genituen lehendabizi, ikasleak ederki trebatuta joan ziren eta esperientzia eskolakoen laguntzarekin gozatu ederra hartu genuen talo goxoak jan eta musika euskaldunarekin jolasean. Bukatzeko, Elbira Zipitria, ikastolen sortzaile izan zen emakume abertzalearen dokumentala ikusi genuen. Eta Elbira bezala Orioko mugimendu feministan hainbat aurrerapausu eman dituzten hainbati aitortza xume bat egin zitzaion, ikastolako ikasle-ohi den Elene Tamayok eginiko artelan eder bat oparituz.
Larunbatean, munduko arrozak festa izan genuen. Plazan arroza hiru modutara dastatzeko aukera izan genuen. Batetik, senegaldarrek lan izugarria egin ondoren, Thieboudienne prestatu zuten, barazki eta arrainarekin eginiko beraien arroz mundiala. Bestetik, Indiako arroza curryarekin eta hemen jaten dugun paella dastatzeko aukera izan zen. Denak ere ederrak atera ziren, sukaldari on asko ditugu gure inguruan.
Igandean, mendi irteeratxoa egin genuen Itxaspe aldera. Hasieran Kukuarrira joateko asmoa bazegoen ere eguraldi segurua ez zegoela eta Itxaspeko buelta ederra egin genuen.
Azkenik, astelehenean Amets Arzallusekin solasaldia izan genuen Etxeluze Gaztetxean, Miñan liburuaren inguruan. Ametsek dotoreziaz erantzun zituen Iñaki Gurrutxaga eta LH6ko ikasleek egindako galderak eta han ginen denoi zer pentsatu ugari eman zigun.
Bukatzeko eskerrak ematea besterik ez zaigu geratzen. Esperientzia eskolakoei talo goxoak egiten erakusteagatik eta laguntzeagatik. Ikastolako senegaldarrei beraien jaki goxoarekin gure gorputzak goxatzeagatik, Etxeluze gaztetxeari herrian hain beharrezkoa den gaztetxea hain ondo zaindu eta denon esku uzteagatik. Eta nola ez, parte hartu eta esku bat bota duten denei, zuek gabe ezingo litzateke aurrera eraman. Jarrai dezagun herritik eta herriarentzat eragiten.